LURRA: GURE AMAREN ETXEA DEFENDATZEKO DEIA
Garraitz uharteko adierazpena. Lurraren Eguna-2006
2000. urteko Munduko Lurraren Egunean, milurteko berriaren hasierarekin batera,
gure herriko hainbat lurralde eta herri-sektoretako ehun lagunek agiri bat
izenpetu genuen instituzioei luzapen bat eskatzeko ezin eutsizko garapenaren
ereduari dagokionez. Izan ere, eredu horrek milaka urteko Euskal Herria Euskal
Hiri bihurtzeko mehatxua egiten zuen, Euskal Hiri edo nortasunik gabeko lurraldea,
gure izana, herri gisa, kapital espekulatiboaren interesen aldarean sakrifikatuko
zeneko lurraldea, alegia.
Ekonomi-, gizarte eta kultur garapenaren ereduari buruzko jendarteko eztabaida
handi bat zabaltzeko eskatu genuen, lehenengo trantsizioan ez baitzen halakorik
izan, globalizazio kapitalistaren ur nahasietan gaindi geure etorkizunaren
lemari geure eskuekin eutsiz nabigatzeko aukera emango zigun eztabaida eskatu
genuen, eta inposaketa jaso genuen. Herri interesak islatzeko eta taldea, kolektiboa,
aintzat hartua izan zedin, parte-hartzeko tresna errealak sortu nahi izan genituen,
eta "garapen iraunkorrean
" inbertitu dute, baina hura marketing
berde gisa ulertu behar dugu, herri ekimenen gaitasun hedakorrak indargabetzeko
helburua duena, alegia.
Sei urte honetan gure herrian dauden hainbat instituzioetatik eurek erabaki
eta bukatutako egintzen politika besterik ez dugu jaso. Zornotzan, Itoitzen,
Castejónen, Garoñan, abiadura handiko trenarekin, Eibar-Gasteiz
autopistarekin, Super Hego-arekin, erraustegiekin, kostaldearen zementazioarekin,
landa-munduko espekulazio masiboarekin, etxebizitza-politikarekin, merkataritza-gune
handiekin. Gizarte eztabaidaren aurrean, inposaketa, inposaketa hutsa, larderia
askotan gure herriak bizi duen gatazkaren atzean ezkutatua, egiturazko indarkeria,
disidentziaren kriminalizazioa eta herritarrek benetan parte-hartzeko bide
oro ixtea.
Horiek horrela, adierazpen berri hau izenpetzen dugunok "eta beronekin
bat egin nahi duten erakunde eta lagun guztiek" beren ama-lurra maite
duten gizon-emakume guztiei dei egiten diegu proiektu bat zabaltzeko indarrak
metatze aldera, Etorkizuneko Gizarte Akordio zabal baten inguruan, euskal habitataren
garapen demokratiko bati begira, gure herrian bigarren trantsizio bat zabaltzeko
aukera izateko, eta "Lurraren aldeko eztabaida. Beste garapen-eredu bat
posible eta premiazkoa delako" izeneko agiria, 2002ko Johannesburgoko
Mundu Gailurrean NBEren aurrean aurkeztu zena, oinarri hartuta.
Deialdi honetatik sektore aurrerakoi guztiei, herrien autodeterminazio eskubidearen
alde egiten duten sektoreei elkargune bat eskaintzen diegu Euskal Herrian bigarren
trantsizio bat egite aldera lan egiteko. Bigarren trantsizio horren ardatza
herri honetan bizi eta lan egiten dugunon gizarte premiak eta eskakizun sentituak
izango dira, naturarekiko ituna, gure hizkuntzaren eta kulturaren aldarrikapena,
eta lurreko herri pobretuekin dugun zor historikoa aitortzea, horren guztiaren
aurrean kapital transnazionalaren interesen erregionalizazioa "desarrollismo-aztarnaduna",
deslokalizazioa eta kultur uniformizazioa ditugula.
Lurrak menia bat behar duelako, eta orain bereziki, gure herriarentzat itxaropenez
betetako prozesu batek aurrera egin nahi duenean, beste kultur-, gizarte, ekonomi-,
garapen eredu baten alde apustu egiten duten lagun eta erakundeak deitzen ditugu
sinergiak bilatzeko, elkarguneak bilatzeko gizarte-justizia, askatasun kolektiboa
eta nazioarteko elkartasuna biltzen direneko eszenatoki baterantz egiteko aukera
izateko.
Defenda dezagun lurra gure amaren etxeari zutik iraunarazteko.
Lekeition, 2006ko apirilaren 22an
Manifestua sinatu |