| Genetikoki Eraldatutako Organismoak (GEO) Europa osora zabaltzeko beste ahalegin bat egingo du Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko lehendakariak. Europako Batzordeak heldu den astean dauka agintaldiko lehen bilera, eta berehala heldu nahi dio gai horri Durao Barrosok, batzordearen iturriak aipatuz AFP berri agentziak jakinarazi duenez.
Hain zuzen ere, MON810 artoa eta Amflora patata baimentzea da Barrosoren lehentasuna. Lehen agintaldian ahalegin handiak egin zituen nekazaritza transgenikoa zabaltzeko, baina huts egin zuen, hein handi batean. Hain zuzen ere, iaz porrot handia izan zuen gai honekin. Izan ere, transgenikoen nekazaritzaren aurka indarrean dauden debekuak kentzeko eskaria egin zuen, eta 22 herrialdek horren aurka bozkatu zuten.
Gaur egun Monsanto multinazionalaren MON810 artoa da Europako Batasuneko lurretan landatzen den GEO bakarra. Alabaina, zortzi herrialdek debekatu dute arto transgeniko horren landaketa, tartean Frantziak eta Alemaniak. Horrez gain, Europako Batasuneko hamaika herrialdek eskatu dute transgeniko guztien landatzea debekatzeko. Europako Batasunean indarrean dagoen legediaren arabera, GEOena eta nekazaritza tradizionala bateragarriak dira. Hori dela eta, EBko 27 estatuetan bi nekazaritzak bateragarri egiteko araudiaren garapena aurreikusten du, Europako Batzordearen 2003/556 gomendioak dioenari jarraiki.
Gaur egun 100.000 hektarea inguru hartzen ditu nekazaritza transgenikoak Europan, haietako gehienak (80.000) Espainian eta Hego Euskal Herrian. Euskal Herrian 5.000 hektarea hartzen ditu nekazaritza transgenikoak, Nafarroan. Gainerako herrialdeetan ez da landatzen, eta EAE transgenikorik gabeko gune izendatua dago.
Europako Ingurumen komisario ohi Stavros Dimasek kargua utzi izanak bere asmoak aurrera eramaten lagunduko dio. Izan ere, Dimas transgenikoen nekazaritzaren aurkakoa baitzen.
Xede nagusia, herbizidekiko erresistentzia lortzea
Gaur egun munduan kontsumitzen diren labore ia guztiekin egiten dira genetikoki aldatzeko saioak. Dena den, lau dira nagusiak: soja, artoa, koltza eta kotoia. Hasiera batean, ikerketa horiek egiteko, bi argudio erabiltzen zituzten sustatzaileek: gosea amaitzea eta klima aldaketa geratzea. Aditu gehienek salatu dute horiek ez direla benetako argudioak.
Datuek ere hala erakusten dute. Izan ere, landaketen %85en xedea labore horiek herbizida zehatz batzuek jasan ahal izatea da. Beste xedeak ingurumen faktoreekiko jasangarritasuna lortzea eta elikagaiaren balio eta osaerak aldatzea izango lirateke, besteen artean. Baina horiek askoz maila txikiagoan.
Transgenikoen aurkako kanpainari, babes zabala
Transgenikorik gabeko nekazaritza eta elikadura bermatzeko eskatzeko, kanpaina hasi dute hainbat herrialdetako pertsonek, erakundeek eta taldeek. Kanpainak hainbat helburu ditu: informazioa egiaztatzea, gaiarekiko sentsibilizazioa, kontsumo arduratsuarekiko informazioa sustatzea...
Euskal Herrian dagoeneko 500dik gora baserritarrek eta erakundek babestu dute kanpaina. Ez hazi, ez kutsadura transgenikorik nahi ez duten Euskal Herriko nekazaritzako 72 labore aipatzen dituzte bertan, sinbolikoki.
Europako 4.500 udalek baino gehiagok eta eskualdetako 260 gobernuk egin dituzte bestalde transgenikoen inguruko adierazpenak.
Transgenikoez iritzia eman duten Udalak
Monsantori ikerketak egiten ez uzteko eskatu dute
Monsantori arto transgenikoekin ikerketak egiten jarraitzea debekatzeko eskatu dio Nafarroako Ezker Batuak Foru Gobernuari. Iaz sinatu zuten horri buruzko azken hitzarmena. «Halako ikerketak oso arriskutsuak dira osasunarentzat eta ingurumenarentzat», diote Ezker Batuko ordezkariek.
5.000
Nafarroan arto transgenikoarekin ereinda dauden hektareak. 1998an Nafarroako Gobernuak baimena eman zien Monsanto eta Pioneer enpresei arto transgenikoa lortzeko saioak egiteko. Egun arto transgenikoarekin landatutako 5.000 hektarea daude Nafarroan.
Helen Groome.
EHNEko kidea
«Transgenikoek inguruko soroak kutsatzen dituzte»
Maite Asensio.
Bilbo
Elikagai subiranotasunean, nekazaritza ekologikoan... hainbat gaitan da aditua Helen Groome EHNE sindikatuko kidea (Northampton, Ingalaterra, 1958). Nekazaritza eta elikagai transgenikoak Euskal Herrian azterlana idatzi du, ELAren Manu Robles-Arangiz institutuarentzat.
Zein pisu dute transgenikoek gure elikaduran?
Elikagai freskoetan, hau da, frutan eta barazkietan, ez dago transgenikorik. Elikagai prozesatuetan, aldiz, egon daiteke, jaten dugun soja eta artoaren laurdenean, gutxi gorabehera. Legez, %0,9 egon daiteke genetikoki eraldatuta; beraz, zein pisu duen zehazki ezin daiteke esan, baina %10 inguru izan daiteke. Halaber, kontuan izan behar dugu animalien pentsua: soja edo artoa jaten duten animalia ia guztiek transgenikoak jaten dituzte. Hartara, animalia horiek ematen dituzten produktuak -esnea, arrautzak...- merkatura heltzen dira, baina etiketetan ez da agertzen animaliek transgenikoak jan dutenik; beraz, kontsumitzaileek ez dute transgenikorik gabeko elikagaiak hautatzeko aukerarik.
Zein egoera ditugu legez Euskal Herrian?
Ipar Euskal Herrian ez dago laborantza transgenikorik. Izan ere, une honetan Europan arto transgeniko barietate bakarra dago baimenduta, MON 810, baina estatuek beren katalogoetan sartu behar dituzte, eta hainbatek horri uko egin diote, tartean Frantziak, Austriak, Greziak... Bestalde, Nafarroako Gobernuak Estatuko legea betetzen du, hau da, MON 810aren laborantza baimentzen du. Berez, Euskal Autonomia Erkidegoan ere hala da, baina Eusko Jaurlaritzak laborantza transgenikoen aurkako adierazpen politikoa dauka eginda. Dena den, Jaurlaritzak ez du legezko eskumenik transgenikoak debekatzeko; Europako Batzordearen esku dago, eta horrek dio ezin direla transgenikoak galarazi. Horregatik, Europako 250 autonomia erkidegok esparru horretan eskuduntza izatea eskatu dute, ikusi dutelako elikagai subiranotasuna bideratzeko horrelako eskumenak behar dituztela.
Jaurlaritzak dekretua egin zuen 2007an, eta zuek kritikatu zenuten.
Laborantza transgenikoen eta nekazaritza tradizional eta ekologikoen arteko bizikidetzari buruzko dekretua izan zen. Jaurlaritzaren asmoa transgenikoak de facto galaraztea zen, baina dekretuaren bidez laborantza transgenikoari sinesgarritasuna eman ziolako agertu ginen kezkatuta. Bestalde, transgenikoak ereiteko aukera eman zuen; aurretik ere bazegoen, baina dekretuak legezko bihurtu zuen. Nahiz eta baldintza gogorrak ezarri, aukera gehiago dago ordutik; adibidez, Monsanto enpresarentzat oso erraza izango litzateke pertsona bati dirua eman, baldintza guztiak gainditu, eta transgenikoak landatzen hastea. Dena den, egungo Jaurlaritzak dekretu hura baliogabetu nahi du.
Benetako kontrola al dago transgenikoen gainean?
Espainiako Gobernuak laborantza transgenikoen jarraipena egiten du, baina guk ez dugu horren emaitzen berri. Hazien gaineko jarraipena ere egiten du, baina lege berezirik ez dagoenez, transgenikoak ez diren hazietan ere %0,5era arte genetikoki eraldatuta egotea onartzen du; orduan, hasteko, kutsadura dago.
Gainera, gerta daiteke nik transgenikorik gabeko haziak ereitea eta nire laborantza kutsatzea, adibidez, polinizazio gurutzatuaren edo txoriek haziak garraiatzearen ondorioz. Nire laborantza kutsatuta dagoen jakin nahi badut, nik neuk neurtu behar dut, eta horrek kostu handia dakar. Gizarte eragileen lanaren ondorioz, badakigu Nafarroako Erriberan transgenikoak ez diren arto laborantza eta uzta asko kutsatuta daudela, ekologikoak batez ere; horrek esan nahi du ezin direla produktu ekologiko gisara saldu eta prezioak jaisten direla.
Horregatik diozue ezinezkoa dela transgenikoak eta transgenikoak ez direnak elkarrekin izatea?
Bai. Europako Batzordean eztabaidatzen ari dira laborantza transgenikoen eta transgenikoak ez direnen artean zein distantzia egon behar duen, eta orain gutxi dokumentu bat argitaratu zuten. Baina proposamen guztiek hutsuneak dituzte. Gure ustez, ezinezkoa da biak izatea, laborantza transgenikoek nekazaritza ekologiko eta tradizionaleko inguruko soroak kutsatzen dituztelako.
Enpresa gutxiren artean dago banatuta merkatua, ezta?
Lau enpresak kontrolatzen dituzte transgenikoak. Baina Monsantok, gainera, transgenikoak ez diren hazien merkatuaren zati handi bat kontrolatzen du. Eta zer egiten du? Merkatu horretatik kentzen ditu transgenikoak ez diren haziak. Beraz, transgenikorik gabeko nekazaritza landu nahi dutenei aukera asko kentzen die. 2010/02/09 |